AEAL ELKARTEAREN JATORRIA

Hizkuntzaren jabekuntza ikertzen dugunontzako topagune bat eratzeko lehen mugarrietako bat First International Congress of Applied Psycholinguistics izan zen, 1985eko ekainean Bartzelonan egin zena, Miguel Siguánen zuzendaritzapean. Ziur asko, hauxe izan zen hizkuntzaren jabekuntzaz interesa zutenak harremanetan jarri ziren lehen aldia, Psikolinguistikako aditu ospetsuek parte hartu zuten nazioarteko topaketa batean. Geroago, psikologia ebolutiboaren esparruan ikertzen dugunok beste gune batzuetan parte hartu genuen, baina gune horietatik bat bera ere ez zen izan IASCL (International Association for the Study of Child Language ) kongresuak bezain espezifikoa, ikerketa alorrari dagokionez.

IASCL kongresu hauek beste herrialde batzuetako lankideekin elkartzeko topagune bikaina izan ziren eta aukera eman ziguten munduan mila espezialista baino gehiago biltzen dituen nazioarteko erakunde batekin harremanetan jartzeko. Espainiar estatuko ikertzaileen presentziarekin lehena Budapestekoa (1990) izan zen, eta ondoren, Trieste (1993), Istanbul (1996), Donostia (1999), Madison (2002) eta Berlin (2005). Horien guztien artean garrantzia berezia izan zuen 1999an uztailean Donostian egin zen IASCLren VIII. Kongresuak. Itziar Idiazabal buru zela, Euskal Herriko lankideek ikerlari guztioi sona eman zigun lan bikaina egin zuten. 

1995eko irailean Santiago de Compostelan I Encuentro Internacional sobre Adquisición de las Lenguas del Estado egin zen, Miguel Pérez Pereira presidente zela. Kongresu hau izan zen, espainiar estatuko testuinguruan eta Amerikako kontinenteko lankideak ere kontuan hartuta, hizkuntza jabekuntza aztertzen dugunok bildu ginen kongresu sail bateko lehena. Hurrengo kongresuak hauek izan ziren: Bartzelonan 1998an, Carme Triadó presidente zela; Malagan 2001ean , Miguel Galeotes buru zela; Salamancan 2004an , Ángeles Mayor presidente zela; Oviedon 2007ko irailean Eliseo Díez Itza presidente zela; Bartzelonan 2010eko irailean, Liliana Tolchinsky eta Aurora Bel presidente zirela; Bilbon 2013an, Itziar Idiazabal presidente zela; Palman 2016an Eva Aguilar-Mediavilla buru zela; eta Madrilen 2019an Victoria Marrero presidente zela.

Kongresu horiek elkartearen ernamuina izan dira; izan ere, interes komunak zituzten pertsona asko biltzea ahalbidetu zuten, eta kongresuen antolaketaz arduratuko zen erakunde egonkor baten beharra agerian utzi zuten, ordura arteko kongresuak bat-bateko ekimenei emandako erantzunak izan baitziren. Salamancan egindako kongresuan (2004an), Hizkuntzaren Jabekuntza Ikasketen Elkartea (AEAL) osatzeko urratsak emateko erabakia hartu zen. Berlingo IASCL kongresua (2005) aprobetxatuz, Batzar Konstituziogilearen eguna finkatu genuen eta Santiago de Compostelan egin zen 2005eko azaroaren 18an 2006ko otsailaren 3an, Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak elkartea onartu zuen eta Elkarteen Erregistroan erregistratu zen AEAL.